Síguenos en redes sociales:

20 hitz berriko uzta dirulaguntza

Urtea amaitzear dago eta ohitura denez urteko uztaren berri eman du UZEIk. Euskaraz ikasi ditugun hitz berrien zerrenda eta ahaztu behar ditugunen zerrenda laburra.

20 hitz berriko uzta dirulaguntza

DONOSTIA- Hizkuntzak bizirik daudela ezin da zalantzan jarri eta, ondorioz, hazi, ugaldu eta, batzuetan, hil egiten dira. Hitzei buruz ari gara. Kalean maiz entuzten ditugunak edo erabilerak legitimatutako hitzak gureak egiten ditugu, ez beti eta ez denok. 2019an albiste izan diren 22 termino eta esamolde hautatu ditu UZEIk. Batzuetan ere lehendik ezagunak ditugun hitzak dira jasotzen direnak eta hainbat arrazoirengatik urtean zehar garrantzia hartu dutenak. Baina badira gertakariek galbidean jarri dituzten bi hitz ere: gure artean ondo errotuta zegoen EGAri agur esaten hasteko unea iritsi da, ez baita berriz egingo halako azterketarik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurrerantzean, EAEn euskara maila hori frogatu nahi dutenek HABEren C1 azterketa egin beharko dute. Gure burutik ezabatu behar dugun beste hitza deklinabide da. Askorentzat harrigarria bada ere, euskarak ez omen du eta deklinabiderik, eta izatekotan, postposizioak ditu. Ondo sartu buruan postposizio hitza eta agur esan gure betiko deklinabideari. Aurtengo uzta oparoan ez dira falta trifatxitoa, larrialdi klimatikoa edo dirulaguntza, hitz batean idatzita, marratxorik eta zuriunerik gabe. Umorearentzat tarte bat ere egon badago hain anitza den zerrenda honetan. Nola deitu behar zaio ergatiboa gaizki erabiltzen duenari? Galdera bitxia baina erantzun sinplea: ergaizki. Denbora apur bat hartu zerrenda hau aztertzeko, harridurarako tartea ere badago eta. Ala ez?

DIRULAGUNTZA

Urte berria Euskaltzaindiaren arau berri eta aipagarri batekin hasi genuen. Ez diru-laguntza eta ez diru laguntza€ dirulaguntza idatzi behar dugula erabaki zuen Akademiak urtarrilean. Eta, dagoeneko, gero eta gutxiagotan ikusten dira zuriunez edo marratxoz banatutako "dirulaguntzak".

IBILGAILU GIDARIDUN

Eta, berrikuntzekin jarraituz, kalapita ugari sortu dira aurten enpresa eredu berriek ekarri dizkiguten ibilgailu gidaridun edo VTC famatu horiekin. Horrelako enpresak gurera ere iritsi direnez, ezinbestean ohitu beharko ditugu belarriak hitz horietara. Edo ez, auskalo!

'YOUNG ADULT'

Izan ere, bada alferrikako berrikuntzei aurre egin nahi dionik ere. Esate baterako, Parisko Literatura Azokan Young Adult txokoa jarri zutela-eta, hainbat idazlek protesta-gutun bat idatzi zuten. Datorren edizioan antzeko txokorik berriro jarriko duten eta, jartzekotan, nola deituko dioten ikusi beharko.

ERGAIZKI

Eskerrak umore-pitin batek gauzak goxatzen dituen. Adibidez, aurten hitz berri bat ikasi diegu Zaldieroari eta @txerren txiolariari, ergatiboa gaizki erabiltzen duenari esateko modukoa: ergaizki. Bidea egingo duen ez dakigu, baina ez esan erabilgarria ez denik! "Hi, ergaizki!".

ZULO BELTZAK

Zulo beltzak ez dira berriak, jakina. Baina apirileko albistegietan inoiz baino hizpide handiagoa eman zuten, orduan lortu baitzen lehenengo aldiz zulo beltz bati argazki bat egitea (eta argazkian zerbait ikustea). Eta, bai, zulo beltz hura Einsteinek irudikatutakoen antzekoa omen zen. Ezusteko gutxi horretan!

MARTIKARA

Espaziora begira jarraituz, edonork daki lurrikara bat zer den, baina aurten lehen aldiz martikara bat detektatu du NASAk (alegia, lurrikara moduko bat, baina Marten gertatutakoa). Guk behintzat ez dakigu Einsteinek horrelakorik irudikatu zuen ala ez, baina gutxi harritu.

'PLOGGING'

Hori bai, inoiz irudikatu ez genuena zera da: zaborra jasoz korrika ibiltzea. Kirola eta ekologismoa uztartzen dituen joera berri hori Suedian sortu omen da, eta dagoeneko Bartzelonara iritsi da. Gurera ere iristen bada gogoan hartu beharko dugu kirol berri horren izena: plogginga.

TRIFATXITO

Apirilean edo, Hegoaldean lehen aldiz entzun eta irakurri genuen lagunarteko hizkeratik sortutakoak diruditen hitz horietako bat€ trifatxito famatua. Eskuineko hiru alderdiren batura izendatzeko erabili zuten hitz hori Espainiako Kongresurako hauteskundeen kanpainan.

FATXALEKO

Eta, trifatxitoa aski ez, eta, gainera, aurten boladan ibili da beste hitz bat, eskuindar espainolistek janzten omen duten mahukarik gabeko jaka mota bat izendatzen omen duena. Zuk ere ikusi dituzu fatxaleko horiek? Antza denez ingurune jakin batzuetan oso erabiliaK dira.

LATE

Zorte pixka batekin azken hitz berri horiek iritsi zaizkigun bezala joango dira, eta laster ahaztuak izango ditugu. Baina agian hain erraz ahaztuko ez duguna LATE izango da. Aurten irakurri dugunez, orain arte Alzheimerrarekin nahasten zen dementzia berri bat deskribatu dute zientzialariek eta LATE deitu diote.

POSTPOSIZIO

Baina irakurri dugunez, beste hitz bati ere esan beharko diogu agur; orain arte besterik uste genuen arren, euskarak ez omen du eta deklinabiderik. Orduan, bat-batean, aspaldiko uste bat ustela izan zitekeela ohartu ginen asko: euskarak ez du deklinabiderik, nonbait, eta izatekotan postposizioak ditu.

ZUMIRIKI

Beti ikasten da zerbait, dudarik ez. Adibidez, Oskar Alegriaren dokumentala Veneziako Mostran lehiatzeko hautatu zutenean, zumiriki hitza ikasi genuen (horixe da dokumentalaren izenburua, hain zuzen ere). "Ibaiaren erdian dagoen irla" esan nahi omen du zumiriki horrek.

'FLIGHT-SHAME'

Etengabe hizpide dugun klima aldaketak ere kontzeptu berriren bat ere utzi digu dagoeneko. Adibidez, hegazkinez bidaiatzeko lotsa edo flight-shame. Bale, euskarazkoa luzeagoa da, baina gu horrelakoak gara. Argian irakurri genuen Suedian gero eta bidaiari gehiagok, lotsaren lotsaz, hautatzen dutela trena.

KLIMARIANOAK

Hori bai, ez dakigu suediar horiek klimatarianoak edo klimarianoak ere badiren. Hitza arrotza egiten bazaizu, jakizu horrela esaten zaiela ingurumenari kalte txikiena egiten dieten elikagaiak bakarrik jaten dituztenei. Beste hitz batzuei gehitu behar zaien hitza: beganoa, begarianoa, krudibeganoa...

AMAIUR

Hau ere udan gertatu zen: Euskaltzaindiak gutako askori poz ederra eman zigun pertsona-izendegia berritu zuenean. Izen neutroak gehitu zituen zerrendan, eta, esate baterako, aurrerantzean neskei nahiz mutilei jarri ahalko zaizkie Amaiur, Amets, Araitz eta beste izen batzuk.

'HAPPY SLAPPING'

Save The Children ere beste zerrenda bat plazaratu zuen: sare sozialetan adingabeek dituzten arrisku berriez ohartaraziz. Hitz berriak ikasi genituen. Adibidez, happy slapping: eraso bat grabatu eta, dibertigarria izango delakoan edo ospetsu bihurtuko zaituelakoan, sare sozialetan zabaltzeari.

KLITORI-XURGAGAILUAK

Zorionez, hori baino gauza pozgarriagoak ere izan ditugu, eta tarteka atsegi iturri berriren bat ere bai. Adibidez, klitori-xurgagailuak puri-purian daudela ikasi dugu. Jostailu sexual horiek plazera lortzeko aukera berriak ekarri dituzte, nahiz eta zenbaiten iritziz plazer azkarraren eredua ezartzeko arriskua ere izan dezaketen.

FRIKI

Eta frikiak zer? Horiek ere pozik egongo dira aurten, ezta? Izan ere Euskaltzaindiaren Hiztegian sartu diren azken 397 forma berrien artetik, agian horixe izango da denok gogoan hartu duguna: friki. Ikustekoa da hitz horrek nolako zeresana eman digun eta ikustekoa ere zenbair friki ezagutzen ditiugun.

ARIGUNE

Zu ere (Akademiaren bedeinkazioz) friki samarra bazara, agian gogoratuko duzu iazko hitz berrien zerrenda ahobizi eta belarriprest famatuekin amaitu genuela. Aurtengo zerrendan ez da azkena izango, baina arigune gehitu gabe ezin utzi. Ikusiko dugu datozen urteetan zer bide egiten duen Euskaraldiaren ariketa sozialak.

LARRIALDI KLIMATIKO

Orain bai, zerrendako azkena: lehenago ere esan dugu klimaaldaketak berrikuntza bat baino gehiago utzi dizkigula. Bada, azkena, abenduan bertan. EITBk larrialdi klimatiko terminoa normaltasunez erabiliko duela iragarri du herritarrak arazo global horretaz kontzientziatzen laguntzeko.