Larunbat honetan jokatuko dira Zumarragako pilota txapelketa herrikoiaren 10. edizioaren lehen partidak. Lehen fasea ligaxka moduan jokatuko da eta bikoteek hiru mailatan banatuta parte hartuko dute. Bigarren fasean kanporaketak jokatuko dira eta bertan bikote guztiek nahastuta jokatuko dute.

Lehen mailako ligaxkan lau bikotek parte hartuko dute: Rodriguez-Aleman, Jaunarena-Zubizarreta, Agirre-Tapiador eta Ibarluzea-Izagirre. Bigarren mailako ligaxkan bost bikotek parte hartuko dute (ligaxkan azken sailkatzen dena kaleratua izango da): Del Rio-Escudero, Etxeberria-Fernandez, Sagastibeltza-Jauregi, Salaberria-Azkarate eta Antia-Aranburu.

Hirugarren mailako ligaxkan hamahiru bikotek parte hartuko dute: Hernandez-Larrea, Aleman II-Cruz, Uria anaiak, Garitano-Gastañares, Zabaleta-Salegi, Madina anaiak, Mendizabal-Etxaniz, Lizarralde-Lazaro, Aizpuru-Iturriotz, Zufiaurre-Zufiaurre II, Damian-Garcia, Garcia-Gabilondo eta Sasieta-Lopez. Hamahiru bikote horiek hiru taldetan banatuta jokatuko dute eta talde bakoitzeko azkena kaleratua izango da.

Partidak 18 tantora jokatuko dira. Irabazleek bi puntu eskuratuko dituzte, galtzaileek puntu bat eta aurkezten ez direnek ez dute punturik jasoko. Berandu azaltzen direnek, minutu bakoitzeko tantu bat galduko dute. Ez da hamar minutu baino gehiagoko atzerapena onartuko.

Final laurdenak arte, partidak larunbat goizetan jokatuko dira. Finalerdiak eta finala Goñiren omenezko txapelketako partiden aurretik jokatuko dira: asteazkenetan.

Lehen fasea abenduaren 30etik otsailaren 3ra jokatuko da, final hogeitamabirenak otsailaren 10ean jokatuko dira, final hamaseirenak otsailaren 17an, final zortzirenak otsailaren 24an, final laurdenak martxoaren 2an, lehen finalerdia martxoaren 13an, bigarren finalerdia martxoaren 20an eta finala martxoaren 27an.