471.553,87 Euroko aurrekontua izango du aurten Abaltzisketako Udalak ; pasa den urteko aurrekontuan izan zutena baino 34.000 euro inguru handiagoa da. Jon Zubizarreta alkateak adierazi duenez, Udalak ez du “inbertsio handirik” aurreikusten epe laburrean, eta, horrez gain, urteroko lanei eutsiko diete, besteak beste, herri bideak konpontzea eta zerbitzuak hobetzea. Aipatutako kopuru horretatik inbertsioak egiteko 97.137,28 euro bideratu ditu udalak.

Horrez gain, Abatzisketako alkateak, Jon Zubizarretak aipatu du herri bideak egokitzeko eta mantentzeko diru laguntza eskatuko dutela Foru Aldundiko deialdian. “Urtero egiten dugun eskaera bat da; kostuen ehuneko handi bat finantzatzen dugu laguntza horiekin”, azaldu du Abaltzisketako alkate den Jon Zubizarretak.

Orain arte aipatutako lanez gain, dagoeneko eraitsi dute Azpiko etxea; orain proiektua egingo dute eta, horretarako, urtebete beharko dutela ere azaldu du Abaltzisketako Udaleko ordezkariak. Bitarte horretan eremua aparkaleku bezala erabiltzea eskatu omen dute herritarrek, eta Jon Zubizarretak azaldu du oraindik ez dutela erabaki, baina horretarako izan litekeela urtebetean. Legealdiko egitekoen inguruan, atzera aipatu du eginda dutela mendiko ordenazio plana, eta amaitzen ari direla ingurumen eragina kalkulatzen. Bide beretik, gogora ekarri du legealdiko erronka nagusietako bat dela gazteak herrian geratzea.

Gainera, datorren urterako 1.100 biztanletik beherako herrien finantzaketa indartzeko akordioa sinatu dute Eudelek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Neurriaren inguruan pozik azaldu da Jon Zubizarreta, Abaltzisketako Udaleko ordezkaria.