Santa Barbarako jatetxe-aterpetxea ekaineko lehen asteburuan irekiko dute berriro. Amaia Iraolak eta Jordi Mancerak irekiko dute. Iraola Zumarragakoa da eta Mancera kataluniarra. Urretxun bizi dira.

Biek esperientzia zabala dute ostalaritza munduan. Mugaritz eta Miramon Arbelaitz jatetxeetan lan egin dute, besteak beste. Baita Italian ere.

Santa Barbarako taberna asteartetik igandera irekiko dute. Igandetik ostegunera 10.00etatik 17.00etara eta ostiraletan eta larunbatetan egun guztian. Izan ere, bi egun horietan afariak ere emango dituzte. Udan, eguraldi ona dela eta, asteartetik igandera egun osoan irekiko dute. Udako egun guztietan emango dituzte afariak (astelehenetan ezik, noski).

Bertako produktuak

Sukaldaritza klasikoa eskainiko dute. Baita Kataluniako errezetaren bat ere, noski. Bertako produktuak eskainiko dituzte.

Egunotan lokala txukuntzen, karta prestatzen eta langileak kontratatzen ari dira. Santa Barbaran lan egin nahi dutenek tona.jan2000@gmail.com helbidera idatzi behar dute.

Urretxuko udal arduradunek Santa Barbarako jatetxea irekitzeak “lehentasuna” duela esan dute. “Santa Barbara ingurua berritzen ari gara eta jatetxeak eskaintzen duen zerbitzua Santa Barbara balioan jartzeko ezinbestekoa da. Azkar egin nahi genuen, baina ondo. Hori dela eta, hilabete ba-tzuk pasa dira itxi zenetik. Urritik hona egitasmoari buruz hausnartu dugu eta eraikina eta ingurua hobetu ditugu”.